Ikus-entzunezkoen ahotsak Sormenaren eta Berrikuntzaren Munduko Egunean

Gidoilarientzako Euroeskualdeko Egoitzan, sortzeari, berritzeari eta bizi garen mundu hau eraldatzen laguntzeari buruz hitz egin ziguten programako profesionalek eta egoiliarrek. Haien ideietako batzuk azalduko dizkizugu ondoren.

Recreakult proiektuko Shandra Martínez eta Dirdira Lab laborategiko Garbiñe Ortega dira Euskadin egindako egonaldian Euroeskualdeko egoiliarren prestakuntzan lagundu zuten profesionaletako bi. Beren proiektuek ikuspegi bera partekatzen dute: ikus-entzunezkoetan berrikuntzak egiteko, jasangarritasuna bultzatu behar da eta sormen-prozesuak berrasmatu egin behar dira.

Shandrak nabarmendu zuen gaur egun berrikuntza jasangarritasunarekin lotzen dela: «Gaur egun, berritzeak esan nahi du narratiba jasangarria bultzatu behar dela gidoien barruan, eta jasangarritasuna ikus-entzunezkoen produkzioan. Jasangarritasuna zati nagusia da sormen-prozesuetan eta proiektuetan materialak eta artisau-teknikak eta teknika digitalak integratzeko soluzioak aurkitzeko. Arte-sorkuntzari aplikatutako ekonomia zirkularrak ekosorkuntza, ekodiseinua eta berrerabilera hartzen ditu bere baitan».

Garbiñek are harago begiratzen du, adierazi baitzuen berrikuntza ez dagoela soilik kontatzen ditugun istorioetan, baizik eta nola kontatzen ditugun: «Berrikuntza maila askotan aplika daiteke, ez bakarrik istorioetatik eta haiek kontatzeko erabiltzen diren lengoaietatik, baita egiteko moduetan ere. Ekoizteko eta lankidetzan aritzeko moduak ere birplanteatu egin behar dira, pentsamenduaren desplazamendua eragiteko eta, horrela, mundu berriak sortuko dituzten hiztegi berriak ez ezik, egoteko, pentsatzeko, sortzeko eta lankidetzan aritzeko modu berriak eratzeko».

Laura Ibañez (Euskadi), Esther Vital (Nafarroa) eta Marion Moreau (Akitania Berria) dira Gidoilarientzako Euroeskualdeko Egoitzan parte hartu duten hiru egoiliarrak. Haien animazio-proiektuak desberdinak dira formatuari, edukiari eta hizkuntzari dagokienez, baina bat datoz ikuspegian: sormena da aldaketa kolektiboa bultzatzen duen elementua.

Laurarentzat, bere bizitzan sormena “… motorra da eta existitzeko modu bat. Horrek ematen digu aukera askatasunean pentsatzeko eta erabat garatzeko».

Estherrek, berriz, testuinguru sozial konplexuetan duen balio eraldatzailea azpimarratu zuen: «Pertsonok dugun funtsezko ezaugarria da sormena, eta bizi garen mundua eraldatzen laguntzen digu, bai eta soluzioak ematen ere, kultura eta artea bezalako funtsezko kanalen bidez. Balio handia ematen digu testuinguru konplexuetan, eta beste mundu bat posible dela pentsatzen laguntzen digu».

Bestalde, funtsezko giza behar batekin lotu zuen Marionek: «Artista gisa, sormena bizitzeko modu bat da, eta funtsezko gaitasuna da ekin ahal izateko. Giza beharren piramidean, arnasa hartzeaz, jateaz, lo egiteaz… gain, jolastu eta sortu ere egin behar dugu, pertsona gisa garatzeko. Izan ere, balio hori ikusten ez duen gizartea, edo existitzen dela uste ez duena, gizarte gaixoa da”.

Informazio gehiago

Gidoilarientzako Eskualdeko Egoitzak hiru talentu berri hautatu zituen, eta, animazioko proiektuak garatzeko denbora eta espazioa eskaintzeaz gain, metodologiak trukatzeko, kolektiboki ikasteko eta beren harreman-sarea sendotzeko aukera ere eskaini zien.

Programa hau Euroregional Green Audiovisual Hub-en barruan dago, eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak kofinantzatu du, “Euroeskualdeko Berrikuntza” proiektuen deialdiaren barruan”.