2025eko azaroaren 27an, egiteko eta sortzeko modu berriei buruz solasean aritzeko elkartu egin ginen, bai eta Euroeskualdean elkarrekin lan egiteko moduak aurkitzeko ere, ikus-entzunezko sektore jasangarria lortzeko, pertsonak eta justizia soziala erdigunean jarrita.
“Eredu iraunkorragoetarantz ikus-entzunezkoen sektorean” ekitaldiak eragileak, enpresak, akademia eta administrazioa elkartu zituen Euroeskualdeko lankidetzari ateak irekitzen jarraituko dioten esperientzia inspiratzaileak eta proiektuak ezagutzeko.
Ruth Mayoralek (KSIgune), Euroregional Green Audiovisual Hub aurkeztu zuen, bai eta plataforma horrek bigarren fasean Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko ikus-entzunezko ekosistemari eskaini nahi dien aukerak ere: jardunbide egokiak trukatzea, informazioa garatzea eta ikus-entzunezko proiektuetan elkarlanean aritzea jasangarritasunaren, etikaren eta justizia sozialaren ikuspegia baliatuta.
Ondoren, hiru proiektu inspiratzaileren berri izan genuen, ikerketaren, prestakuntzaren eta sorkuntzaren arloetan.
Carlos Fernándezek (Dr. Platypus & Ms. Wombats) Nafarroako Professor Octopus AI Lab ekimena aurkeztu zuen. Egitasmoak sormen-industrien eraldaketa digitala lantzen du, adimen artifizialarekin garatutako soluzioen bitartez. Bestalde, Leire Apellanizek (Sr. y Sra.), Euskadiko DirdiraLab aurkeztu zigun, izaera artistiko eta esperimentaleko filmak prestatzeko eta garatzeko laborategi bat, genero-ikuspegia, ikuspegi interkomunitarioa, ingurumenarekiko arduratsua den ikuspegia eta bizitza pertsonalarekin uztartzeko modua kontuan hartuta. Azkenik, Sébastien Fontainek Akitania Berriko LaBocaJ aurkeztu zuen, animazioaren eta bideojokoen sektoreetako trantsizio ekologikorako proiektu bat, lurraldean eragin positiboa eskuratzeko.
Ekitaldiaren azken zatian, Euroregional Pitch saioa egin zen, eta honako ideia, proiektu, lankidetza-aukera eta tresna hauek ezagutu ahal izan genituen: Film Basque Country (Ruth Aristondo, Zineuskadi); telebistako berezia; Le peigne d’Or (Fabrice Otaño, Discnosc Studio); Nafarroako Zinema eta Arte Bisualeko Eskola (Oihane Iriarte – Pixelian); film luzea: Ez bilatu zuk baduzuna (Maru Solores, zinemagilea); Laminak (Marion Bedat, CAPB); eta Ikus-entzunezko ofizialari buruzko argitalpena (Ando Iturbe, ADI ikertaldea-EHU).
Informazio gehiago
Ekitaldia KSIgunek antolatu du, CLAVNA eta Magelis entitateen laguntzarekin, Euroregional Green Audiovisual Hub egitasmoaren esparruan, eta Akitania Berria Euskadi Nafarroa euroeskualde berriaren babesa izan du, “Euroeskualdeko Berrikuntza” proiektuen deialdian kofinantzatutako proiektuetako bat izan baita.